1:5000 web - Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako mapak offline, gailu mugikorretan

(Informazio hau PDF dokumentu batean jaso nahi baduzu, jo hurrengo estekara: https://b5m.gipuzkoa.eus/web5000/docu/B5m_mapak_mugikorretan.pdf)

b5m mapak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen Gipuzkoako mapak, gailu mugikorretan offline ikus daitezke; hau da, Interneteko konexiorik gabe.

Horretarako, MOBAC (Mobile Atlas Creator) aplikazioa erabil daiteke mapa horiek deskargatzeko. Aplikazio hori kode irekiko programa bat da, eta offline mapak sortzen ditu GPS gailuen eta sakelako telefonoen aplikazioetan erabiltzeko; hortaz, Gipuzkoako mapak ikusteko aukera ematen du GPS kokapena daukaten gailu mugikorretan. Doan da, eta erabili ahal da Windows, Linux eta Mac OS X sistemetan. MOBAC eskuratzeko, eta ikusteko eskukoen zein aplikazio onartzen dituen, jo ezazu bere webgunera: http://mobac.sourceforge.net

Ondorengo argibideetan erakutsiko dugu nola egiten den atlas bat (mapa multzo bat) b5m mapekin, MOBAC erabilita. Adibide gisa, arestian aipatutako webgunean azaltzen diren aplikazioen artean, OruxMaps aukeratuko dugu (http://www.oruxmaps.com), eta Gipuzkoako mapak bertan ikusiko ditugu offline. OruxMaps da Android gailuetan instalatzen den aplikazio bat (app), eta kasu hauetan erabiltzen da: aire zabalean norberaren kokapena ikusteko, gailu mugikorren GPSa erabilita; eta ibilbide bat jarraitzeko edo grabatzeko. Oso erabilia da gure artean, eta noizean behin ikastaroren bat antolatzen da aplikazioa erabiltzen trebatzeko (adibidez, 2015ko udaberrian Bagera elkarteak ikastaro bat antolatu zuen OruxMaps aplikazioari buruz: http://zuzeu.eus/euskal-herria/mugikorretarako-gps-oruxmaps-aplikazioari-buruzko-ikastaroa).

b5m mapak zure gailu mugikorrean deskargatzeko, eta OruxMaps aplikazioan ikusteko, jarraitu argibide hauek:

1. Instalatu MOBAC zure ordenagailuan, haren webgunetik eskuratuta.

2. Deskargatu b5m_mapa.xml eta b5m_orto.xml fitxategiak, eta gorde MOBACeko "mapsouces" karpetan. Fitxategi horiek b5m-ko mapak eta ortofotoak ikusteko aukera emango dute.

3. Ireki MOBAC aplikazioa eta sakatu Debug > Refresh custom map sources (azaltzen ez badira, berrabiarazi MOBAC).

4. Aukeratu, Map Source atalean, b5m mapa edo b5m orto.

5. Kokatu Gipuzkoako mapan, MOBAC aplikazioak dituen tresnak erabilita, eta egin lauki bat mapa deskargatu nahi duzun eremuan (ikusi ondorengo irudia). MOBACek eremu hori moztuko du eta haren datuak erabiliko ditu atlasa sortzeko.

MOBAC

6. Aukeratu deskargatu behar dituzun zoom mailak (Zoom Levels). Kontuan hartu 19. mailaraino irits zaitezkeela.

7. Egin atlas bat (Atlas Content > New), eta aukeratu Orux Maps Sqlite formatua. Jarri iezaiozu nahi duzun izena eta sakatu Add selection botoia.

8. Sortu atlasa, Create Atlas botoia sakatuta.

9. Kopiatu atlasa zure gailu mugikorrean, oruxmaps/mapfiles kokapenean, erabiltzeko offline mapa gisa.

10. Ireki OruxMaps aplikazioa eta aukeratu Abrir Mapa > OFFLINE > Atlasen izena. Horrela b5m-ko mapa izango duzu ikusgai zure gailu mugikorrean (ikusi beheko irudia).

MOBAC

Gogoratu, MOBAC aplikazioaren bidez, gailu mugikorrek dauzkaten app askorentzat mapak sor ditzakezula.

Argibide gehiago, hemen:

http://mobac.sourceforge.net/wiki/index.php/Custom_XML_Map_Sources

http://www.oruxmaps.com/oruxmapsmanual.pdf

Gipuzkoako Atari Instituzionalaren logotipoa eta orri nagusirako esteka
        | Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentua     © 1997-2019